Gaia

Eusko Jaurlaritzaren ekintza politikoaren lehentasunetako bat da gizarte kohesionatua lortzea, pertsona guztiek bizitzan ibilbide duina egiteko moduko kalitatezko enplegua eskuratzeko aukerak izan ditzaten.  Zeregin horretan, funtsezkoa da enpleguaren arloan lan egiten duten eragile guztiek parte hartzea: enpresak, sindikatuak, foru aldundiak, udalak eta garapen agentziak, hirugarren sektoreko erakundeak, prestakuntza zentroak, unibertsitateak… Horiekin guztiekin eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko prozesu bati ekin nahi diogu, Euskal Enplegu Sistema eraikitzeko xedez.

Enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sortzea da, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailaren helburu nagusietako bat. Halaber, xede hori Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Agenda 2030 ekimenaren 8. helburuarekin (“Lan duina eta hazkunde ekonomikoa”) lerrokatuta dago. Euskadik erabateko konpromisoa du mundu mailako agenda horrekin, Agenda Euskadi Basque Country 2030 egitasmoaren bitartez.

Zeregin horretarako ohiko zailtasunak izateaz gain, uneotan COVID19ak eragindako salbuespenezko egoeran gaude. Egoera hau iragan egingo den arren, ondorio handiak izango ditu enpleguan oraingoz zehazteko zaila den denboran. Hori horrela, lehen ere antzematen ziren baina egungo egoera dela-eta berehala planteatu behar diren joera batzuei buruzko gogoeta egitera behartuta gaude: telelanari garrantzia ematea, zaintzak erdigunean jartzea, ekoizpen sektore guztiak digitalizatzea…Horrek berrikuntza eskatzen du. Izan ere, dagoeneko ez da lehendik zegoena kudeatu behar; aldiz, dagoena eraldatu behar da. Elkarrizketa ere eskatzen du, erronka guztiek adostasun handiak eskatzen dituztelako politikan eta gizartean, iraun nahi badute. Eta, azkenik, berdintasuna ere eskatzen du, egoera honetatik irteteko gizonen eta emakumeen eta gazteen eta helduen arteko desberdintasunak murrizteko konpromiso argia behar delako, inor ez dadin atzean geratu.

Bestalde, bizitzan ibilbide duina egiteko aukera izatea enpleguarekin lotuta dago, eta, askotan, baita pertsona bakoitzaren egoeratik eratorritako beste baldintza batzuekin ere. Ildo horretan, erabakigarria da beste sistema batzuekin egin behar den lana, hala nola gizarte zerbitzuekin, hezkuntzarekin edo osasungintzarekin.

Enpleguari buruzko Nazioarteko III. Biltzarra Euskadin enplegurako testuinguru erabakigarri batean egingo da. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030 egiteko hasi dugun gogoeta prozesuaren barruan dago. Estrategia horrek jarduera ildo eta proiektu eraldatzaileak zehaztu beharko ditu, Euskadik abian jarri beharko dituenak azkar aldatuko den etorkizuneko erronkei eta aukerei erantzun ahal izateko. Aldaketa azkar horiek honako hauekin izango dute zerikusia: lanbide eta konpetentzia berriak, gure gizarteak bizitzen jarraituko duen teknologizazioaren ondorioz, enpresen antolakuntza eskema berriak eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzean eta erantzunkidetasunean sakontzen jarraitzeko premia.

Zazpi lan saiotan, Enpleguari buruzko Nazioarteko III. Biltzarrak alderdi horiek guztiak aztertuko ditu bi ikuspuntutatik: etorkizuneko ariketak eta irtenbideen identifikazioa. Gainera, elkarrizketan aritzeko eta gogoetak trukatzeko lekua ere izango da, eta oso aberasgarria izango da hori enplegu sistema berritzaile, eraginkor eta inklusiboa eraikitzeko lanean.

Osasun egoera tarteko, biltzarra aurrez aurre eta telematikoki egingo da. Nolanahi ere, elkar eragiteko dinamikak izatea nahi dugu, elkarrekin egindako gogoetaren eta sorkuntzaren ikuspegitik lan egin ahal izateko. Ezbairik gabe, elementu horiek ezinbestekoak dira adostasunak eraikitzeko, eta horiek izan behar ditugu oinarri berebiziko garrantzia duten erronka horiei erantzuteko.